XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Santo Domingoren aldarea:

Dakigun gauza bakarra kalostrea eukala da.

Aldareak ezeze beste irudi eta objektu batzuk ere egon ziran:

- Ume Jesus bat, 1918.ean eliztar batek oparitua.

- Santo Kristo bat, Barandica jaun-andreek dohaindua; ebangelioaren aldeko horman egoan eta Gerra Zibilaren ostean berregin eben.

- Errosarioaren Amaren irudi bi.

1924.ean bat egoera txarrean egoan.

- Via Crucis bat, Isaac de Urrutiaren oparia, 1917.eko otsailaren 19an eregia.

Lehen beste bat egoan, kuadroduna, markoak zidar doratuzkoak eukazana; honeek 1885.ean ipini ziran.

- Karmengo Amaren irudi bat, Beatriz Calleren dohaina; Gerra Zibilean apurtuta suertatu zan.

- Jesusen Bihotz bat, metro batekoa, begiak kristalezkoak eukazana; 1904.ean ekarri eben San Julianera.

- Jesus eta Mariaren Bihotzen kuadro bi; Jesusen Bihotzaren koadroa Gerra Zibilean galdu zan.

AZKEN BERBAK

Eliza honen manutentzinoa eta artapena ez zan lan samurra izan.

Urteen joan-etorrian jasandako kalteek eta hobekuntzako lanak sasoiaz ez egin izanak gaur egunean elizea beheratu beharrean egotea eragin dabe.

1600. urtean, San Julianeko Herri-batzarrak eta auzotarrek Elizeari lagatu eutsoezan Lavalleko portuaren eskubide eta errentak, halan elizea luzatu, zabaldu, gangatu, atondu eta egokitu egien.

Elizearen eritxiz Salazartarren oinetxe eta etxaguntzaren jabeari egokon elizea konpondu, artatu eta atontzea, Eliz Kabildo, abade eta onuradunentzako hamerrenak ezik Herri-batzarraren ganerako beste guztiak haretxek eroaten ebazalako.

Salazartarrek, barriz, lanak berari ordainduarazo baino lehen elizearen fabrikearen errenta eta dirutzak erabili eitezala nahi eban.

Sortu zan auzian Salazartarren oinetxe eta etxaguntzaren jabeak eta beraren ondorengoek urtean-urtean eta betiko elizea konpondu, artatu eta atontzeko beiloizko 50 dukat emon beharko ebezala erabagi eben epaileek, bai eta ez egoala kopuru hori baino gehiago eskatzerik ere.

Herri-batzarrak berbea emon eban aitatutako diru kopuru hori elizearen manutentzino eta artapenerako nahikoa ez bazan auzotarrek ordainduko ebezala lanak, horretarako euren ondasun eta dirua erabiliz.

Herri-batzarrak urte askotan jarraian egin ebazan bisitaldiek eta euron ostean emondako aginduek eraikinaren narriadurea etenbakoa izan zala erakusten deuskue, batez ere presbiterioaren aldean, hemen egin ziran lanak ez ziran nahikoa izan hondamena alderatzeko.

1779. urtean barne-luzegoa kareztatu zan, 1773.eko bisitaldian emondako agindua beteaz, eta 1850.ean baldosak ipini ebezan.

1790.eko bisitaldian Kapera Nagusia epistolearen aldetik zurkaiztea agindu eben, hondatu beharrean zirudian eta, bai eta eliza osoan teila barriak ipintea ere, itoginik egon ez zedin, urak ganga eta zureteriari kalte egin eutselako.

1805.eko bisitaldian sakristiako gangea konpondu behar zala ohartazo eben, Kapera Nagusiari kalte egiten eutsolako.

Halaber, zaindariak lanak ordaintzeko laguntzea emon egiala ere agindu eben, eta osterantzean hamarrenetatik behar zana kenduko jakola adierazo eutsoen.

1850.ean Pedro de Izaguirrek horma-bular garai eta sendoa eregi eban sakristia zaharraren alboan, berau jausi ez zedin.

Sakristia horrek teilatu barria ere behar eban.

1852.ean Matias Gonzalezek errematatu ebazan obrak egin jakozan.